XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TELEBISTAREN AURREAN

Ez gara telebistaren aurrean orduak galtzearen zale.

Ez dugu beta haundirik ere.

Halere, geratu izan gara, inoiz, pizturik dagoen tresnaren aurrean.

Hurrena azaldu daitekeenak ikusmintzen gaitu.

Ez dakigu zein egun zen.

Lau gizon ari ziren hizketan: bat galdatzen eta beste hirurak erantzuten.

Gaztelania hizkuntzaren Academiakoak ziren hirurak, zirudienez.

Hirurak ere oso sartuak zeuden hizkuntzaren arazo horretan.

Erdi-lotan nengoelarik, ohartu nintzen, zerbait garrantzizkorik esaten ari zirela.

Ni esnatzerako esanak zeuden gizon ospetsu hoien izen deiturak.

Gaztelaniaren batasunaz zeuden kezkaturik.

Gaztelania ez da Espaiñiako Estaduan bakarrik hitzegiten.

Baita Hego Amerikako zenbait Estadutan ere.

Batzuek eta besteek hizkuntza bera dutenez gero, hizkuntza horri eutsi behar zitzaiola zioten.

Hemendik berrehun urtetara ere elkarri aditzeko eta ulertzeko eran gorde behar zela.

Lurrez hain sakabanaturik dagoen hizkuntzak berezitzeko eta zatitzeko arriskua zuela.

Hemendik urte batzuetara, elkarrekin hitzegiteko balio ez dioten hizkuntza bilaka zitekeela.

Horretarako beharrezkoa da, zioten, gaztelania hizkuntza zaintzeko, han eta hemen, dauden Academia hoiek elkartzea.

Bazegoela, dagoenekoz, Academia bakoitzetik aukeratutako ordezkariz osatutako batzordea, aitortu zuten.

Izan ohi zituztela, hangoz eta hemengoz, hornituriko batzarreak, noiz behinka, esan zuten.

Gaztelaniak izan dezakeen arrisku horretan aspaldi jausi zen euskara.

Zail egiten zaigu euskaldunoi euskaraz elkarrekin konpontzea.

Denok dakizkigun arrazoiengatik euskara sakabanaturik, berezirik eta desberdindurik aurkitzen da.

Batu beharra daukagu euskara, arrotz gerta ez dakigun.

Aurrera jo behar du Euskaltzaindiak lan eder horretan.

Argia behar dugu idazleok.

Gero eta batuago izan behar du aldizkari eta liburuetako euskarak.

Batez ere ikastoletarako egiten diren liburuak, batuan eginak behar lukete izan.

Beste arazo bat ere aipatu zuten.

Tecnicismoen arazoa hain zuzen.

Gorde beharra dago hizkuntzaren garbitasuna, zioten, baina onartu beharra dago nahitaezko diren hitz arrotzak.

Ez daitezke bazter, sarturik dauden hainbeste hitz tekniko.

Gaztelania ere beharturik dago aleman, frantses eta ingeles hitzak hartzera.

Guk ere eutsi egin behar diogu garbitasunari.

Hizkuntza denak saiatzen dira horretan.

Ez dugu alferrikako erdal hitzik hartu behar.

Baina guk ere beharrezkoak ditugu erdal hitzak.

Min ematen digu zenbait erdal hitzek; ohitu beharra dago, ordea.

Ez dago baztertzerik zenbait hitz, teknika eta zientzi mailakoak gutxiago.

Basarriri beharrezkoak baldin bazaizkio bere lanerako harri kubikoa, rektangularra, kuadrokoa, eta zilindroa, are gehiago matematikaz, politikaz, kulturaz edo ekonomiaz ari denari.

Hiztegiaren arazoa ere aipatu zuten.

Zaharkiturik omen daukate lehengoa.

Egiten ari omen dira berria zenbait hitz zahar eta ulerkaitz bazterturik berriak onartuz.

Euskal Hiztegi oso eta orokor bat eman behar digu lehenbai lehen Euskaltzaindiak.

Hor ez dezake loak har.

Gramatika berri bat ere egiten ari omen dira.

Onartu beharra omen dago herrian sartu diren era berriak.

Honetan ere premia haundia dugu euskaldunok.

Bere aldetik dabil gramatikalari bakoitza.

Euskaltzaindiak egindako edo onartutako gramatika on bat behar genuke.

Lan gehiegi noski.

Hasteko, dirurik ez dauka Euskaltzaindiak.

Erabat horretara emandako jenderik ez dauka.

Nahi duena egiten du zenbait euskaltzainek herriaren onari bat ere begiratu gabe.

Eta honela, Euskaltzaindiaren izenean eginiko lanak, izkutuan gordetzen ditu bakoitzaren izena eta ospea.

Hau guztia egia da.

Baina zai gauzkazue euskaltzaleok, euskaltzain agurgarriak! Lanaren nekea jasotzeko zaudete eta ez ohorea.